CHARGEMENT

Zer da Eskualdeko Parke Naturala??

Eskualdeko Parke Natural bat “kanpañako lurralde bat da, non jendea bizi baita, nazio mailan ezagutua dena —natura, ondare eta paisaia alorretako balio handia baitu—, baina hauskorra dena eta garapen iraunkorreko proiektu adostu baten inguruan antolatzen dena, lurralde hartako ondareen gerizatzeko eta balioesteko xedez. Nortasun sendo baten baieztapenean bermatzen da” (Eskualdeetako Parke Naturalen Federazioa).

Eskualdeko Parke Naturalak bere lurraldeko natura-, paisaia-, kultura- eta giza-ondarea babesteko eta balioesteko eginkizuna du, ingurumena errespetatzen duen antolamendu eta garapen politika berritzailea martxan ezarriz alor ekonomiko, sozial eta kulturaletan. Haren eginkizunak ondoko hauek dira (Ingurumenaren kodeko R333-1 artikulua):

  • Paisaiak eta ondare natural eta kulturala gerizatzea, bereziki kudeaketa egokiaren bidez;
  • Lurraldearen antolaketan laguntzea;
  • Lurraldearen garapen ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta bizi-kalitatean laguntzea;
  • Publikoari harrera, heziketa eta informazioa ematen laguntzea;
  • Lehen aipatu alorretan ekintza esperimentalak edo eredugarriak egitea
    eta ikerketa-programetan laguntzea.

Eginkizun horiek orokorrak dira, eta Hitzarmenean idatzi orientabide, helburu eta neurrien forma hartzen dute. Lurralde osoko indar bizi guziekin eraman hitzartze-prozesu luze batetik sorturik, Hitzarmena lurraldearen garapen iraunkorrerako
kontratu bat da. 15 urteko balioa du, eta Parkearen ekintza gidatzen duen dokumentu bat da. Elkargoek eta sozioprofesionalek lurraldean gauzatzen dituzten ekintzen koherentzia eta koordinazioa bermatzen ditu. Lurraldeko eragileak libre dira Hitzarmeneko kide bilakatzeko.

Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren proiektua

Gaur egun, Euskal Mendia Eskualdeko Parke
Natural proiektuak mendi eta/edo mendigune eremuan sailkatuak diren herriak biltzen ditu,

Carte zone montagne Montagne Basque

erran nahi baita:

111

Herri

78

Ipar Euskal Herriko azaleraren %

27

biztanleriaren %

35

biztanle/km²

Akitania Berriko Eskualdeko Prefetaren deliberoak Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren eraikitzen hasteko seinalea eman du! Proiektua denboran zehar nola eraiki zen irakur ezazu.

Timeline Steps
  • 2020 - 2021



    Hitzarmena idazteko lantaldeak plantan eman

    Euskal Herriko Parke Naturalaren Hitzarmena idazten hasi, lurraldeko indar biziekin elkarlanean, eta Eskualdeko Parke Naturalaren itxuratzeko egitura plantan eman.

    9
  • 2019ko iraila



    Eskualdeko Prefetaren deliberoa Euskal Mendia Eskualdeko Parke Natural proiektuari buruz

    Akitania Berriko Eskualdeko Prefetak egokitasundeliberoa eman du Euskal Herriko Mendiko Parke Natural bat sortzearen egokitasunari buruz.

    8
  • 2018ko abendua



    Lekuko eta eskualdeko mailan Eskualdeko Parke Natural tresnak Euskal Mendiarentzat duen interesa ontzat ematea

    Euskal Herriko lau Mendi Elkargoek, Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berria Eskualdeak, aho batez, Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren egokitasun- eta egingarritasunikerketa ontzat eman dute, eta Estatuari egokitasun-deliberoa eskatu diote.

    7
  • 2017ko maiatza



    Eskualdeko Parke Natural tresna ikertu

    Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren egokitasun- eta egingarritasun-ikerketa abian jartzea, Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasunak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Akitania Berria Eskualdeak sustaturik.

    6
  • 2014



    Eragileen arteko elkarlanaren iraunarazteko gogoetak

    Lurraldeko eragileen arteko partaidetzaren eta Euskal Mendian burutu ekintzen iraunarazteko gogoetak: Eskualdeko Parke Natural batek lurraldearentzat duen interesaren lehen azterketak.

    5
  • 2014 - 2020



    Bigarren LEADER programa

    Ekintzak segitu bigarren LEADER programa baten bidez.

    4
  • 2007 - 2013



    Mendiari zuzendu lehen LEADER Europako programa

    Euskal Mendiaren Garapen Iraunkorreko Hitzarmena obratzen hasi, Europako LEADER 2007- 2013 programaren bidez eta lurraldeko eragileak biltzen dituen gidaritza-batzordea osatuz.

    3
  • 2007



    Garapen iraunkorreko Hitzarmena landu

    Garapen Iraunkorreko Hitzarmena landu, lekuko 200 eragilek baino gehiagok parte harturik (Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasunak eta sei herri elkargok sustatu proiektua).

    2
  • 2003



    Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren txostena

    Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren txostena, Euskal Mendiari buruzko Garapen Iraunkorreko Hitzarmen bat idaztea gomendatzen zuena, erabileraren inguruko gatazken eztitzeko.

    1

Zergatik Eskualdeko Parke Natural bat?

Euskal Mendiaren nortasun agiria “Jendea-Natura-
Kultura” triptiko batean oinarritzen da.

Jendea

Funtzio anitzeko laborantza dinamikoa, nazio-mailan berezia dena.

Natura

Ondare natural anitza eta paregabea, baldintza biogeografikoen eta laborantzaartzaintza
jardueren emaitza.

Kultura

Paisaia eta ondare identitatea, goratasunen mailakatzeaz baliatzeak markatua.

Triptiko horren oreka trabatua da, gaur egun, hainbat mehatxurengatik (laborantzaren ttipitzea, klima-aldaketa, eraikuntzan erabili lurrak). Beraz, fite iharduki behar da, mehatxuei buru egiteko eta Euskal Mendiaren etorkizuna bermatzeko. Desafio horrek erantzun koherente, federatzaile eta mobilizatzaileak eskatzen ditu.

Orduan, Euskal Herriko Mendian Eskualdeko Parke Natural bat sortzea aterabidea litzateke, lurralde honetan politika iraunkor, egoki eta koherente bat plantan emateko.

 

Eskualdeko Parke Naturala abantaila da euskal mendiarentzat. Lurraldeko eragileak bateratzen ditu mendia errespetatzen duen garapen iraunkor baten alde. Gisa horretan, ondoko puntuak bermatzen ditu:

    • Elkarlan sendoa Eskualdearen, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Mendi Elkargoen artean, aldi berean harreman hurbila segurtatuz elkargo horien eta lurraldeko egitura publiko eta pribatuen artean, animazio eta koordinazio lan baten bidez;
    • Mendiari zuzendu elkarlan tekniko eta finantzarioa, Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekin, Akitania Berria Eskualdearekin eta Estatuarekin, 15 urteko eperako (Hitzarmen bat bali den epea);
    • Lurraldeko eragileen arteko zeharkako ekintzak eramatea eta iraunaraztea
      (adibidez: “Ibil eta bizi Euskal Mendietan” gidaliburua);
    • Bere lehentasunezko eginkizunei lotu ekintzak bideratzea, esperimentazio,
      berrikuntza, pedagogia eta sentsibilizazio alorretan;
    • Euskal Herriko barnealdearen erakarpena indartzea (adibidez, Euskal Herrira zuzendu turismo eskaintza arrazoitua garatzea);
    • Lurralde-elkarrekikotasuna, Eskualdeko Parke Naturalaren eta inguruko
      hiri/herrien arteko harremanaren bidez;
    • Nafarroako eta Gipuzkoako partaideekin harreman sendoa plantan ezartzea,
      problematika edo interesgune partekatuei buruzko ekintza komunak garatzeko;
    • Lurraldea integratzea Eskualdeko Parke Naturalaren sarean, Pirinioetako, Estatuko eta mugaz gaindiko mailetan; sare horretan gure lurraldera ekartzen ahal diren esperientzia anitz badira.

Mediateka

Galderak nahas-mahas:

Eskualdeko Parke Naturala ez da Parke Nazionala.
Eskualdeko Parke Naturala tokiko borondate batetik heldu da. Lurraldeko eragileak —
sozioprofesional gisa hautatuak— proiektu komun baten inguruan biltzen dituen tresna baten forma hartzen du: kudeaketarako sindikatu mistoarena; proiektu hori lurraldearen garapen iraunkorra da. Ez du arautzen. Ez du behartzen. Lurraldeak lurraldearentzat finkatu norabide batzuen arabera ari da.
Parke Nazionala Estatuko borondatearen ondorio da. Berezko eskumenak dituen erakunde nazional publiko baten forma hartzen du. Lurraldea zaintzeko xedea duten lege bereziak aplikatuz gauzatzen da. Haren baitan, jarduerak oso arautuak dira.

“Eskualdeko Parke Natural batek eginkizun hauek ditu (Ingurumenaren kodeko R333-1. artikulua):
– Natura-, kultura- eta paisaia-ondarearen geriza eta kudeaketa: bere kanpaña-eremuak modu harmoniatsuan kudeatzeaz arduratzen da; bere ingurumenetako aniztasun biologikoa
mantentzeaz; bere baliabide naturalak, paisaiak, gune nabarmenak zaintzeaz eta baloratzeaz; bere kultura-ondarea agerian emateaz eta dinamizatzeaz.
– Lurraldearen antolaketa: lurralde antolaketako estatu- eta eskualde-politiken parte izanez, bere lurraldean gauzatu antolaketa-proiektuak definitzen eta bideratzen laguntzen du, ingurumena errespetatuz.
– Garapen ekonomiko eta soziala: ekonomia eta gizarte alorretako ekintzak sustatzen ditu eta koordinatzen, bizi-kalitatea bermatzeko eta lurraldearen ingurumena errespetatzen duen garapena segurtatzeko, bere baliabide naturalez
eta giza baliabideez baliatuz.
– Harrera, hezkuntza eta informazioa: naturarekiko harremana sustatzen du, bizilagunak ingurumenaren arazoei buruz sentsibilizatzen ditu, bisitariak bere lurraldearen ezagutzera sustatzen ditu, hezkuntza, kultura eta turismo alorretako
aktibitateen bidez.
– Esperimentazioa: ikerketa-programetan parte hartzen du, eta beste edozein lurraldetan, Estatu mailan, bai eta nazioarteko mailan ere berriz
erabil daitezkeen prozedura berriak eta ekintza metodoak abiarazteko eginkizuna du (www.parcsnaturels-regionaux.fr).

Eskualdeko Parke Natural baten Hitzarmena urte anitzeko kontzertazioaren emaitza da, jakinez lurraldeko sozioprofesional guziak eta lekuko elkargoak parte hartzera gomitatuak direla. “Bere lurraldeko geriza eta garapen iraunkorreko proiektua 15 urterako gauzatzen duen kontratu” baten forma hartzen du. Bete beharreko helburuak finkatzen ditu, Parkearen gerizatzeko, baliatzeko eta garatzeko norabideak, bai eta
norabide horien obratzeko behar dituen neurriak ere. Hainbat elkargo publikoek (Eskualdeetako Parke Naturalen Federazioak) Parkeko lurraldean gauzatu ekintzen koherentzia eta koordinazioa bermatzeko ahala ematen du.

Euskal Mendiak bizi dituen desafioei erantzuteko aterabidea da Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturala: mendiguneak kudeatzeko eta antolatzeko ahalmenak garatzea, lurraldeaz eta baliabideez ekonomikoki baliatzea, herriak bizirik atxikitzea, bertako bizi-kalitatea bermatuz. Horren erdiesteko, Eskualdeko Parke Naturalak eginkizun hirukoitza du:

  • Animazioa eta lurraldeko eragileen arteko koordinazioa.
  • Lurraldeko eragileak teknikoki laguntzea. Eskualdeko Parke Naturalak ingeniaritza ematen du eragileen esku.
  • Lekuko eragileei diruzko laguntza emanen zaie Hitzarmenean pentsatu ekintzak gauzatzeko.

Eskualdeko Parke Naturalaren proiektua eraikitzekoa da. Beraz, lurraldeko eragileak
bilduko dira Hitzarmenaren helburuak definitzeko eta, horrela, Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalak burutu beharko dituen ekintzak identifikatzeko.
Hala ere, “Ibil eta bizi Euskal Mendietan” gidaliburua Euskal Mendia Eskualdeko Parke
Naturalak eraman lehen lana izanen da. Desmartxa hori 2010eko hamarkadan hasi zen,
Europako LEADER programaren bidez, eta haren helburua lurraldeko eragileak biltzea zen, mendiko jardueren elkarbizitza bermatzeko.
Prozesu hau iraunarazteko dauden zailtasunen aitzinean, Eskualdeko Parke Naturala aterabide gisa agertzen da. Proiektua eramaten duten egiturek eta partaideek ez lukete hitzarmenik egin beharko, sindikatu mistoan jadanik bilduak liratekeelako. Bateratze horrek ekintzak zabaltzea erraztuko luke, batez ere lurraldeari buruzko
informazio-seinaletika homogeneo baten instalatzeko. Proiektua finantzatzea erraztuko
litzateke, parkearen “palanka-efektuari” esker eta finantziazioa bilatzeko ingeniaritzaren gaitasunari esker. Oraino gehiago, hezkuntza Eskualdeko
Parke Naturalaren misioen bihotzean baita. Eskualdeko Parke Naturalak ahalbidetu eta erraztu hitzartzea lagungarri litzateke gidaren ekintzak lantzeko, sozio-profesionalen parte-hartze aktiboaren bidez. Proiektuaren kalitatea hobetuko litzateke Eskualdeko Parke Naturalaren sareko esperientzien trukatzeari esker (adibidez, Bauges
Eskualdeko Parke Naturalak eta Chartreuses eskualdekoak “Ibil eta bizi Euskal Mendietan”
gidaliburuko ekintzen idurikoak garatzen dituzte).

“Herriko Etxe baten lurraldea Eskualdeko Parke Naturalean sailkatzeko eskaera librea da, borondatezkoa eta indibiduala. Horregatik, Herriko Etxe batek Parkean sailkatua izatea errefusatzen ahal du, Hitzarmena ez onartuz. Kasu horretan, nahiz eta Herriko Etxe hori barne hartzen duen herriarteko egiturak Hitzarmena onartu, herri horretako lurraldea ez da Eskualdeko Parke Natural gisa sailkatua, eta ezin izanen dio erreferentzia egin lurralde sailkatuaren barne izateari” (Eskualdeetako Parke Naturalen Federazioa; 2012). Hitzarmeneko kide egin nahi ez duten Herriko Etxeen kopurua handiegia baldin bada, Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturala ez da sortuko, lurralde-koherentzia eskasez.

Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturala sortzeko prozesu osoaren denboran, indar biziak
gomitatuko dira informazio bilkuretara eta Hitzarmena ontzeko lanean aktiboki parte
hartzera. Eskualdeko Parke Naturala sortzean, indar biziak egitura kolektiboetako kide izatera ekarriak izanen dira, aldi berean Hitzarmenean gomendatu ekintzak gauzatzean parte hartuz.
Eragile anitz jadanik sartu dira desmartxan. Ez izan dudarik parte hartzeko, harremanetarako ataleko orriaren bidez.

Euskal Mendia Eskualdeko Parke Natural bat eraikitzeko behar diren urratsak ondoko hauek dira:

1- Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren egokitasun- eta egingarritasun-ikerketa bat egitea (2017-2018).

2- Lekuko elkargoek Euskal Mendia Eskualdeko Parke Natural bat sortzeko egokitasunaz
eztabaidatzea (2018ko uztaila).

3 – Akitania Berria Eskualdeak Euskal Mendia Eskualdeko Parke Natural bat sortzeko
egokitasunaz eta prozeduraren abiatzeaz eztabaidatzea (2018ko abendua).

4 – Eskualdeko Prefetak egokitasun-deliberoa ematea (2019ko uztaila).

5 – Hitzarmena elaboratzen hastea (2019ko iraila).

6 – Hitzarmen proiektuari buruzko Prefetaren deliberoa.

7- Hitzarmena elaboratzen segitzea, lurraldeko indar biziekin elkarlanean.

8 – Ingurumen alorreko agintaritzaren deliberoa Hitzarmen proiektuari buruz.

9 – Eskualdeko Kontseiluko Lehendakariak edo Sindikatu Mistoko Lehendakariak antolatu
ikerketa publikoa, Hitzarmenaren proiektuari buruz, prozeduraren zati hau bere esku uzten den kasuan (Ingurumenaren kodeko R. 333-6-1 artikulua).

10 – Ingurumen Ministerioaren azken azterketa.

11 – Lekuko elkargoei egin kontsulta eta elkargo horiek borondatez kidetzea (Herriko Etxeek erabaki behar dute, delibero baten bidez, Eskualdeko Parke Naturaleko kide egin ala ez).

12 – Prozesuaren erregulartasuna egiaztatzea.

13 – Eskualdeko Kontseiluak Hitzarmena ontzat ematea, ministroari Eskualdeko Parke Naturala sortzea eskatuz.

14 – Ingurumen Ministerioaren sailkatze-dekretua, eta Eskualdeko Parke Naturalaren kudeatzeko sindikatu mistoaren sortzea.

Banaz beste, 7 urteko lana behar da etapa horien egiteko. Euskal Mendiko lurraldean, kontzertazio ohiturak biziki errotuak dira. Izpiritu horrek, hala ere, Hitzarmenaren elaboratzea eta Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalaren sortzea erraztu beharko lituzke.

Eskualdeko Parke Naturalaren buxeta bere sindikatu mistoko kideen estatutu-kotizazioetan
eta zenbait diru-laguntzetan oinarritzen da.
Parkeak “palanka-efektua du. Haren lurraldean bildu euro baten truke, 10 euro heldu dira
kanpotik, banaz beste”.

Gaur egun, indarrean dagoen araudiarekin, ezin da mugaz gaindiko Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalik sortu. Hala ere, Nafarroako eta Gipuzkoako gure auzoak partaide eta sindikatu mistoko kide izan daitezke, baina boz erabakitzailerik gabe. Horrek aukera emanen luke:

  • Harreman sendoago eta iraunkorragoak eraikitzeko;
  • Elkarren ezagutza segurtatzeko;
  • Mendi Elkargoen, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Espainiako partaideen
    arteko mugaz gaindiko proiektuen muntaketa errazteko;
  • Mugaz bestaldeko Parke Naturalekin eta eraikitzen ari den Biosfera Erreserbarekin lan egiteko aukera berriak sortzeko;

Partekatzen ditugun arazoei buruzko ekintzak elkarrekin eramateko (adibidez: Pyrénées Ariégeoises Eskualdeko Parke Naturalean egin mugaz gaindiko pentze loretsuen lehiaketa).

Eskualdeko Parke Naturalak ez du araugintzako botererik. Beraz, ez da araudi gehigarririk izanen. Eskualdeko Parke Naturalak Herriko Etxeetan eta Herriarteko Lankidetzako Erakunde Publikoetan indarrean dauden araudiak aplikatzen ditu.
Hitzarmenean ezarri orientabideak errespetatuak direla segurtatzen du; orientabide horiek molde kolektiboan idatziak dira. Bestalde, Herriko Etxeak laguntzen ditu motordun tresnen zirkulazioari eta publizitate-panelei buruzko arauak aplikatzen.

Eskualdeko Parke Naturalak aukera ematen die lurraldeko eragile guziei elkarrekin eraiki lurraldeproiektu batean parte hartzeko. Eragileei
bermatzen die antolaketa-proiektuetan hobeki kontuan hartuak izatea. Markako irudi bat ukaitea ahalbidetzen die. Diziplina anitzeko ingeniaritza taldea eta finantza-baliabide gehiago ukaitea ahalbidetzen die.

Eskualdeko Parke Natural batek ezin du behartu. Ez du neholako legegintza-tresnarik bere kideak haien engaiamenduak betetzera behartzeko. Ez da ahantzi behar Herriko Etxeek libreki erabakitzen dutela Parkeko kide bilakatu ala ez. “Parke Naturaleko kide bilakatzean, Herriko Etxeek eta beren elkargoek libreki onartzen dute jokoaren
arauak eta sinatzaile guzien artean negoziatu eskakizunak betetzea, eta lurraldearen aldeko proiektua obratzea, beren eskumenak gauzatzean”. (www.projet-pnr-garrigues.fr).

Estatuak du harraparien problematika kudeatzen, eta ez Eskualdeetako Parke Naturalek. Beraz, Eskualdeetako Parke Naturalek ez dute harrapariak kudeatzeko eginkizunik. Hitzarmenak harrapariei buruzko orientabideak barne hartzen ahal ditu, baldin eta tematika hori lurraldearentzat etorkizuneko desafio gisa agertu bada kontzertazio-bilkuretan. Adibide gisa, Aubrac Eskualdeko Parke Naturaleko Hitzarmenaren
neurrietarik bat aipa dezakegu: “Aubrac-eko laborantza, oihangintza, artzaintza alorretako nortasuna sendotzea, eraginak dituzten zenbait espezieren aitzinean (basasaguak, oreinak, basurdeak, otsoak)”.

Baliabideak:

CR Reunion publique 261017
CR Temps d’échanges 270618
CR accueil-rapporteur
CR VOYAGE ETUDE SAVOIE juin 2014
Diagnostic thématique
Dossier d’opportunité Montagne Basque 2018
Avis du préfet PNR 2019
CR Copil 1 Etude PNR 100517
CR Copil 2 Etude PNR 180118
CR Copil 3 Etude PNR 290318
CR Copil 4 Etude PNR 26062019
CR Copil 5 Etude PNR 28012020
CR Copil 6 Etude PNR 27012021
CR Copil 7 Etude PNR 02022022
CR Copil 8 Etude PNR 19092022
CR Copil 9 Etude PNR 25042023
CR Copil 10 Etude PNR 07092023
CR Copil 11 Etude PNR 31102023

Harremanetan egon gaitezen

Galdera bat egin nahi diguzu? Konprenitzen ez duzun zerbait aipatu nahi diguzu? Gogoeta bat? Ez duda gurekin harremanetan sartzeko, honekin batean doan orriaren bidez edo ondoko helbidea erabiliz

Utzi mezu bat

Orri hau betez, onartzen dut Euskal Mendia Eskualdeko Parke Naturalak nire datuak atxiki ditzan.